Usansoloko kudeaketa batzordeak lehen osoko bilkura antolatu zuen atzo
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansolo Herria
Abenduaren 28tik Bizkaiko 113. udalerria da Usansolo eta Udalaren funtzioak betetzen dituen kudeaketa batzordeak atzo antolatu zuen lehen osoko bilkura Txapelena baserrian. Besteak beste, hiru alkateordeak izendatu zituzten hainbat auzokide batu zituen hitzorduan.
Beste egun historiko bat bizi izan zuen Usansolok atzo, urtarrilak 25. Udalaren funtzioak betetzen dituen kudeaketa batzordeak bere lehen osoko bilkura antolatu zuen eta honetan hainbat neurri onartu ziren, eztabaidatu ziren guztiak.
Hitzorduak hainbat auzokide batu zituen Txapelena baserrian eta besteak beste, Agustin Aizpuru alkatearekin batera jardungo duten hiru alkateordeak izendatu ziren honetan. Hauek izango dira alkateordeak: Enrike Barrenetxea (Antolaketa), Javier Aurrekoetxea (Hiritartasuna) eta Diego Ortega (Lurraldea). Hirurak Usansolo Herria plataformako kideak dira.
Arbitraje-Batzordea nork osatuko duen ere zehaztu zen Usansoloko lehen osoko bilkuran. Figura horrek kudeaketa-batzordeko hiru ordezkari izango ditu: Aizpuru, Barrenetxea eta Aurrekoetxea.
Halaber, idazkari bat kontratatzeko prozesua hastea ere onartu zen hitzorduan, eta hau Usansoloko Udaleko lehen langilea izango da.