EAJk Ainhoa Agirregoikoa sartu du Eusko Legebiltzarrerako zerrendetan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ainhoa Agirregoikoak BINKEri bidalitakoa
Hauteskunde autonomikoak antolatuko dira aurten Euskal Autonomia Erkidegoan eta EAJk iragarri du honezkero bere lehendakarigaia Imanol Pradales izango dela. Harekin batera Bizkaiko zerrendan sartuko dute Ainhoa Agirregoikoa, Galdakaoko jeltzaleen bozeramailea.
Alderdiak hasi dira aurten Euskal Autonomia Erkidegoan antolatuko diren hauteskunde autonomikoak prestatzen. EAJ-PNVk esaterako, ezagutzera eman zuen duela aste batzuk Imanol Pradales izango dela taldearen lehendakarigaia.
Eusko Legebiltzarrari agur esango dioten beste izen batzuk eman dituzte ezagutzera, besteak beste, Josu Erkoreka, Joseba Egibar eta Arantxa Tapia. Hauen irteerarekin beste izen berri batzuk sartuko dira jeltzaleen zerrendan, tartean Ainhoa Agirregoikoa, Galdakaoko EAJ-PNVren bozeramailea.
Psikologian lizentziaduna eta Gizarte Lanetan masterduna da Agirregoikoa. Urreta auzoan bizi da eta Galdakaoko EAJren Udal Taldeko kidea da 2015etik. 2022tik aurrera EAJ-PNVren bozeramaile da Galdakaoko Udalean eta Hirigintza, Herri lanak eta Zerbitzuak batzordeetan parte hartu du. Azken udal-hauteskundeetan Galdakaoko jeltzaleen alkategaia izan zen.