Jon Plazaolak ‘Tu-Tum Platz!’ bakarrizketa eskainiko du barikuan Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Tokikom
Jon Plazaolak bakarrizketa eskainiko du barikuan, otsailak 16, Galdakaon. ‘Tu-Tum Platz!’ izenpean, umorez beteriko saioa aurkeztuko du Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelan 20:00etan.
Torrezabal Kultur Etxeko erakusketa gelak jarraitzen du Galdakaoko Udalak antolatutako egitaraua hartzen. Areto nagusiko obrak direla eta, ikuskizun bereziak prestatu dituzte erakusketa gelan eta barikuan, otsailak 16, Jon Plazaola helduko da Galdakaora.
Umoregile eta aktoreak ‘Tu-Tum Platz! bakarrizketa eskainiko du Torrezabalek 20:00etan eta sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean 6 eta 8 euro arteko prezioan.
«Taula gainean bere lehen agerraldia egin zuenetik 23 urte pasa diren honetan berriz ere Stand up formatuko bakarrizketari heldu dio, hori bai; 23 urte zaharrago, 23 urte jakintsuago eta 23 urte kabroiago. Ordubete izango dugu, umorez betetako kolpez-kolpe baten ondoren ardoa bezala urteen poderioz ondu ala ozpindu den jakiteko», azaldu dute Udaletik.