Biharko elkarretaratzea deitu dute ustezko sexu-erasoak salatzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Ertzaintzak bi gizon atxilotu ditu Galdakaon sei adingaberi sexu-erasoak egitea eta haien intimitatearen kontrako delituak leporatuta. Honen aurrean, herriko emakume taldeek eta mugimendu feministak erasoak salatzeko elkarretaratzea deitu dute. Agerraldia bihar izango da, otsailak 17, 12:30ean Santi Brouard enparantzan.
Ertzaintzak 37 eta 21 urteko bi gizon atxilotu ditu Galdakaon sei adingaberi sexu-erasoak egitea eta hauen intimitatearen aurkako delituak leporatuta. Azaroan izan zen lehen atxiloketa eta bigarrena aldiz pasa den eguaztenean, otsailak 14.
Honen aurrean, herriko emakume taldeek eta mugimendu feministak elkarretaratzea deitu dute biharko, otsailak 17. Agerraldia Santi Brouard enparantzan izango da 12:30ean eta Galdakaoko Udalak bat egin du deialdiarekin eta bertaratzeko dei egiten die herritarrei.
Atzo argitaratutako adierazpen instituzionalean, alderdi politiko guztien adostasunarekin, adingabeei egindako ustezko erasoak gaitzetsi zituen Udalak eta «premiazko» bilera deitu zuen «informazio guztia biltzeko eta erakundeen erantzuna eta biktimentzako arreta koordinatzeko».
Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, atxilotutako bi gizonak aske utzi dituzte epaiketaren zain, epaitegian agertzeko betebeharrarekin.