Gazteentzako emantzipazio bulegoa jarri du martxan Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: H. A.
Gazteei emantzipazio prozesuan aholkularitza eskaintzeko asmoz, emantzipazio bulegoa jarri du martxan Galdakaoko Udalak. Zerbitzua Torrezabaleko lehen solairuan eskainiko da, eguazten eta barikuetan 17:00etatik 20:00etara.
Emantzipazio prozesua gazteentzat gero eta zailagoa dela kontuan hartuz, egiteko honetan laguntzeko zerbitzu berria jarri du martxan Galdakaoko Udalak: emantzipazio bulegoa. Prosezu honetan behar duten «informazio eta baliabide guztiak» eskaintzea da zerbitzu honen helburua, «gazteek beren bizi proiektua autonomiaz eraikitzeko eta eskubide guztiak egikaritzeko aukera izan dezaten».
«Emantzipazio bulegoak modu indibidualean eta zuzenean emango die informazio hori gazteei, eta aholkularitza ere emango die administrazioaren maila guztietan dauden zerbitzu, programa eta proiektuei buruz, bai eta emantzipazio prozesua aurrera eramaten laguntzeko Galdakaoko Udalak berak dituen zerbitzuei eta baliabideei buruzko informazio guztia ere», azaldu dute Udaletik.
Bulegoa martxan dago dagoeneko Torrezabaleko lehen solairuan eta eguazten eta barikuetan izango da zabalik, 17:00etatik 20:00etara. emantzipaziobulegoa@galdakao.eus helbide elektronikoan, 675700089 telefono bidez eta sare sozialetan ere eskainiko da zerbitzua.