Osakidetzako biltegietako langileek elkarretaratzea egin zuten atzo Usansoloko ospitalean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA Osakidetza
Osakidetzako biltegietako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, «biltegien pribatizazioa» salatzeko. Atzo elkarretaratzeak egin zituzten hainbat ospitaletan, tartean Usansolokoan.
Osakidetzaren zentro medikoetan behar diren produktuak gordetzeko biltegiak pribatizatzen ari direla salatzen jarraitzen dute langileek. Mobilizazioak egin dituzte azken hilabeteetan eta atzo beste behin egin zituzten elkarretaratzeak.
Zehazki, Gurutzetako, Urdulizeko, Basurtuko eta Usansoloko ospitaletan egin zituzten kontzentrazioak, «pribatizaziorik ez» lemapean.
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen esanetan, «diru publikoko 129 milioi euro erabiliko dira enpresa pribatuen jarduera finantzatzeko, eta Euskal Osasun Zerbitzuan lanpostuak suntsituko dira».
Sindikatuek gogorarazi zuten ere Gotzone Sagardui Osasun sailburuak iazko apirilean iragarri zuela Iurretan, EiTBren egoitza zaharrean, plataforma logistiko bat eraikiko zuela, eta gaur egun Osakidetzako biltegietan egiten den jardueraren zati handi bat hartuko duela.