Aingeru Picazaren aldeko tapoi bilketa kirol munduko babes zabala jasotzen ari da
Elkartasun kanpaina
BINKE / 2020ko abendua
Aingeru Picazaren aldeko tapoi bilketa kirol munduko babes zabala jasotzen ari da
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Ekaitz Picazaren Facebook-etik
Aingeru Picaza Etxebarrin bizi den eta aita usansolotarra duen lau urteko haurra da. Garun-paralisia, epilepsia eta disfagia gogorra du Aingeruk, eta aulki berri bat erosteko plastikozko tapoi bilketa hasi dute Usansolon, Galdakaon eta inguruko beste hainbat herritan ere.
Aita batek bere semeagatik egin dezakeena erakusten ari da Ekaitz Picaza usansolotarra. Bere seme Aingeruk garun-paralisia, epilepsia eta disfagia gogorra ditu, eta gurpil-aulki berezi batean ibili behar da ondorioz. Horrek, eta bere osasun-tratamendu konplexuak, aurre egin ezinezko kostuak dakartza familiarentzat.
Horregatik, «Bihotz solidarioa Aingerurekin» izenez bataiatu duten plastikozko tapoien bilketa hasi dute Aingeru Picazaren senideek Zornotzan, Etxebarrin, Usansolon eta Galdakaon, besteak beste.
Bilketa horri oihartzuna emateko asmoz, Ekaitz Picaza usansolotarra gogotik ari da atxikimenduak jasotzen, bereziki kirol esparruan. Ekimenaren kartelarekin edota Aingeruren aldeko sinadurak dituen Athletic Clubeko elastikoarekin argazkiak atera eta atera ari da bere aita, eta dozenaka kirolari zein kultur esparruko aurpegi ezagunekin batu da honezkero.
Bilketaren aldeko argazkia atera dutenen artean badira kirolari galdakoztarrak ere: Jone Ibáñez, Ainhoa Álvarez eta Eider Murgia futbolariak, Mikel Larunbe pilotaria edota Igor Antón txirrindulariak, besteak beste.
Zergatik tapoi bilketa?
Aingeru gurpil-aulki berezi batean ibili behar da, eta bere mugikortasuna hobetuko duen aulki berria behar du. Baina aulki horrek 5.000 euroko prezioa du. Prezio horri lau urteko haurrak jarraitu behar duen osasun-tratamenduaren kostua gehituz gero, Aingeruk bizimodu duin bat izatearen borroka oso zaila egiten du bere gurasoentzat.
Horren aurrean, txikiaren senideei tapoi bilketa egitea otu zitzaien. «Eramaten diogun tona bakoitzeko 200€ jasotzen ditugu tapoi horiek behar dituen enpresatik», adierazi zion Binkeri Ekaitz Picazak.
Tapoiak entregatzeko ondoko puntuak jarri dituzte Galdakaon:
- Dendari Elkartea, Muguru plaza.
- Ainara Complementos, Bernart Etxepare 6.
- Lorea taberna, Urreta 18.
- Ekocartuchos, Juan Bautista Uriarte 53.
- Farmazia Susana Dominguez, Zabalea 35.
- Xama Hogar y Decoración, Agirre Lehendakariaren plaza 6.
- Chic, Bernart Etxepare 8.
- Fancy, Muguru z/g.
- Euro Denda, Bizkai kalea 5.
- Nabartu, Euskadi 10.