Usansoloko Binakako Duatloiaren bigarren edizioa bertan behera utzi du U113 taldeak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
U113 triatloi taldeak Usansoloko Binakako Duatloiaren bigarren edizioa apirilaren 7an antolatzeko asmoa zuen. Hitzordua bertan behera utzi behar izan dute ordea, «ezin izango dugulako probaren bideragarritasuna ziurtatu».
Aurreko urteko arrakasta errepikatzeko asmoz, Usansoloko Binakako Duatloiaren bigarren edizioa apirilaren 7an antolatzeko asmoa zuen U113 triatloi taldeak. Iragarri dutenez ordea, hitzordua bertan behera utzi behar izan dute
Taldeak BINKEri azaldu dionez, «ezin izango dugu probaren bideragarritasuna ziurtatu». «U113 triatloi taldean kalitatezko antolakuntzan eta kirolarien arretan sinesten dugu, eta ditugun baliabideekin ezin dugu filosofia hori bermatu», adierazi dute.
«Bihotzez parkamena eskatu nahi dizuegu izena eman duzuen kirolari guztiei, eta aldi berean eskerrak eman nahi dizkizuegu gugan izan duzuen konfidantzagatik eta egutegiko hainbat aukeren artean Usansoloko proba aukeratzeagatik», azpimarratu dute, izen emateak 100%an bueltatuko direla azalduz.
Halaber, U113k eskerrak eman dizkie «mobilizatutako eragile guztiei»: Gurutze Gorria, Festak, Petit Goxo, Trofeos Madariaga, MotoZain, Iorgi Serigrafía, SoloDorsales, Lakuntza, Hegoa Fisioterapia & Osteopatia, Erlantz Ciclos Yurrebaso, Kiram Diseño y Decoración, Harrobia Arkitektura, Javi Palenke eta Dani trafiko arduraduna.