Nerabeek ere parte hartuko dute Galdakaoko auzoak hobetzeko proiektuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: O. Math
Galdakao herritarrekin elkarlanean hobetzeko helburua duen Auzotik Galdakao proiektua aurrera doa eta Udalak honetan nerabeek ere parte hartzea nahi du. Horretarako, Aperribai eta Urreta inguruetako hogeina gazte aukeratuko ditu zozketa bitartez.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ proiektua jarri zuen martxan iazko azaroan. Egitasmoa bi eremutan abiatu zen eta duela hilabete bat herri osora zabaldu dela iragarri zuen Udalak, BINKEk jaso zuen moduan.
Lehen prozesuak 1 eta 2 eremu gisa izendatutako guneetan jarri ziren martxan: Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai Zaharra eta Jugu barnebiltzen dituen 1. eremuan, batetik, eta Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta batzen dituen 2. eremuan, bestetik.
Dagoeneko egin dira diagnostikoak bi eremu horietan, eta udal teknikariekin eta bertako bizilagunei irekitako tailerretan kontrastatzen ari dira eta estrategia lantzeko fasea hasiko da orain. Bertan, «egindako diagnostikoetan antzemandako beharrei erantzun egokia emango dieten proposamenak jaso, landu, baloratu eta lehenetsiko dira».
Urrats berri honetan, Parte-hartze eta Gardentasun Arloak 15 eta 17 urte bitarteko gazteek ere beren auzoak hobetzeko ekarpenak egiteko espazioa ireki du.
Hogeina gazte aukeratuko dituzte Aperribai eta Urreta inguruetan eta hauek hautatzeko zozketa egingo du Udalak. «Hautatutako pertsonen profilak biztanleriaren zati horren egitura ahalik eta modurik fidelenean islatzeko ahalegina egingo da zozketa egiteko orduan, hainbat aldagairi dagokienez: sexua, jatorrizko herrialdea, adin azpitaldeak…», azaldu du Udal Gobernuak.
Zozketa martxoko hirugarren astean egitea aurreikusten du Udalak. Behin hori eginda, hautatutako pertsonek gutun bat jasoko dute beren etxean, jardueretan izena ematera gonbidatzeko.
Hiru lan saiotan parte hartzera gonbidatuko dituzte aukeratutako gazteak eta horietan «beren eremuko diagnostikoaren emaitza ezagutzeaz gain, haien errealitateari erantzungo dioten proposamenak egin ahal izango dituzte».