Metroaren 5. linea egin ahal izatea Europako funtsek erabakiko dute; Aldundiak eta Jaurlaritzak bestela, ezin
Garraioa
BINKE / 2020ko urtarrila
Metroaren 5. linea egin ahal izatea Europako funtsek erabakiko dute; Aldundiak eta Jaurlaritzak bestela, ezin
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Irekia
Metroa Galdakaotik pasa eta Usansoloko ospitalera eramateak 350 milioi euroko aurrekontua du, eta «euskal erakundeentzat aurre egin ezina» dela iragarri dute gaur Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Iñaki Arriola garraio sailburuak. Horregatik, Metroaren bosgarren linea egin eta 2026. urtean iritsi ahal izateko funts europearrak ezinbesteko direla esan dute.
Next Generation izeneko Europar Batasunaren dirulaguntza barik Metroa Galdakaora eta Usansoloko ospitalera ezin izango dela iritsi iragarri dute gaur Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Iñaki Arriola garraio sailburuak, elkarrekin Bilbon eskaini duten prentsaurrekoan.
Metroaren bosgarren lineak 350 milioi euroko aurrekontua du, eta aurrekontu horren hein handi bat Europako funtsen bitartez finantzatu behar dela azpimarratu du Rementeria jaunak, argi adieraziz: «Momentu honetan, gaur, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezin dogu proiektua guk bakarrik egin».
Horrela, garraio publiko honen ardura duten erakundeen ustez, aurrekontu osoaren %70 ordaindu beharko litzateke Europako fondoen bitartez, eta ahaldun nagusiak adierazi du ahal duten dena egiten ari direla «funts hauek Galdakaoko Metrora erakartzeko».
Proposamen ekonomiko hau egin dute gaur publiko bi erakunde arduradunek:
- Metroaren 5. linearen aurrekontu osoa: 350 milioi euro.
- Next Generation europear funtsa (%70): 245 milioi euro.
- Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundia (%30): 105 milioi euro.
Europako fondo horiek datozen hilabeteetan esleituko omen direla esan du Arriola sailburuak, eta «hala gertatzen bada, urte honen amaieran lizitatu ahal izango dugu bosgarren linearen proiektua». Eta beraz, gaur aurreikusi duten bezala gertatzen bada dena, 2026rako iritsiko litzateke Metroa Galdakaora eta Usansolora. Bestela, ezin.