Digitalizazioa errazteko formazioa eskainiko zaie Galdakaoko industrialdeetako enpresei
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Primeum
Digitalizaziorako bidea «errazteko» helburuz, formazioa eskainiko die Galdakaoko Udalak herriko industrialdeetako enpresei. Saio guztiak Sondikan izango dira eta parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da.
Galdakaoko Udalaren esanetan, «digitalizaziorako bidea egitea gero eta garrantzitsuagoa da enpresen arrakasta eta iraupenerako». Horregatik, herriko industria eta merkataritza enpresei bide horretan laguntzeko formazioa eskainiko die, Egaz Txorierri eta Spri-rekin elkarlanean.
Galdakaoko Udalak enpresen digitalizaziorako Suspertze Digitala proiektuan parte hartzen du Egaz Txorierrirekin batera, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkai Orekan Sakonduz programaren eskutik, eta egitasmo horren barruan kokatzen da formaziorako ekintza hau.
Tailer teoriko eta praktikoak eskainiko zaizkie enpresariei, eta SPRI-ko Inplantalariak programako teknikarien eskutik doako aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute. Saio guztiak Sondikan, Egaz Txorierriren pabiloian izango dira, 09:30etik 12:30era, eta bi multzotan banatuko dira tailer horiek enpresa motaren arabera.
- Industria eta handizkako merkataritzako enpresentzat, adimen artifizialaren laguntzarekin salmentak bultzatzeari buruzko bi tailer eskainiko dira:
– Apirilaren 23an: ‘Bilakaera salmenten munduan: Konkistatu zure bezeroak adimen artifizialarekin’
– Maiatzaren 9an: ‘Adimen artifiziala arrakastaz inplementatu: Smart Data zure eskaeretan eta salmentetan’ - Garraio zein logistikako enpresentzat eta handizkako banaketan aritzen direnentzat hiru tailer egingo dira, negozioa digitalizatuta eraginkortasuna areagotzen laguntzeko:
– Maiatzaren 20an: ‘Modu seguruan kudeatu eta komunikatu. Saihestu ezustekoak’
– Maiatzaren 27an: ‘Zereginak adimen artifizialarekin automatizatu, denborak murrizteko’
– Ekainaren 10ean: ‘Aplikatu Sensorika eta ezagutu denbora errealean zer gertatzen ari den’
Saio hauetan parte hartzeko beharrezkoa da aurretik izena ematea eta Galdakaoko Udalaren Sustapen Ekonomiko arloan egin daiteke, 94 401 0 580 telefono zenbakira deituta edo behargintza@galdakao.eus korreora idatzita.