Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko manifestazioa egin zuten zapatuan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usansolo Herria
Dozenaka auzokide batu ziren zapatuan Usansolon, herriaren erdigunean Metro geltokia eskatzeko manifestazioan. Unkina plazatik irten ziren eta kaleak zeharkatu zituzten, 5. linearen proiektu berrian egungo tren geltokia kenduko dela salatuz.
Metroaren 5. linearen proiektuan Usansoloko erdigunean egun dagoen tren geltokia kenduko dutela salatu dute auzokideek Euskal Trenbide Sareak honen inguruko xehetasunak eman zituenetik. Herritar eta eragileen ustez, Eusko Jaurlaritzak konponbide moduan ezarritako lanzadera «ez da nahikoa», eta horregatik manfiestazioa deitu zuten beste behin.
Mobilizazioa zapatuan, apirilak 13, egin zuten eta dozenaka lagun batu ziren Unkina plazatik irten eta Usansoloko kaleak zeharkatu zituen martxan. Honetan, Usansoloko erdigunean Metro geltokia egitea eskatu zuten.
«Prentsaren bidez jakin behar izan dugu behin betiko proiektuaren berri. Proiektu horrek, tamalez, ez ditu kontuan hartzen usansolotarrek aurkeztutako alegazioak. Horri dagokionez, jarduteko modua desleiala eta ez oso gardena izan dela uste dugu», adierazi du Usansolo Herria plataformak.
Horregatik guztiagatik, honako hau eskatu diete Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko
Jaurlaritzari. Batetik, informazio-bilera berri baterako dea egitea, usansolotarren beharrak entzuteko. Bestetik, aurkeztutako proiektua geldiaraztea, «Usansoloko herrigunean geltoki bat mantenduko
duen alternatiba bat aurreikusi arte».