Galdakao eta Usansolo batera agertuko dira apirilaren 21eko hauteskundeetako emaitzen zenbaketan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Julio Muñoz
Domekan, apirilak 21, antolatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen zenbaketan batera agertuko dira Galdakao eta Usansolo. Errolda abenduaren 1ean itxi zen, eta Usansolo abenduaren 22tik da udalerria.
Hurrengo lehendakaria ezagutzeko gero eta egun gutxiago falta dira. Domekan, apirilak 21, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak antolatuko dira eta Galdakaoko Udalak jakinarazi duenez, Galdakaoko eta Usansoloko botoak batera agertuko dira INE Espainiako Estatistika Institutuak egingo duen zenbaketan.
«Hauteskundeetarako errolda abenduaren 1ean itxi zela azaldu du institutuak, eta beraz, abenduaren 22ko erabakia ez duela aintzat hartu», adierazi du Udalak.
«Galdakaoko Udala saiatu da hauteskundeetarako errolda egungo errealitatera egokituta egon dadin. Usansolo udalerri izendatu aurretik ohartarazi zuen iristear zen aldaketaz, eta ondoren ere saiatu da INEk egokitzapenak egin ditzan», nabarmendu du.
Hortaz, domekako emaitzen zerrendetan batera emango dira Galdakaoko eta Usansoloko datuak, azkenekoz. Izan ere, INEk jakinarazi duenez, ekainean egingo diren Europako hauteskundeetarako Galdakaoko eta Usansoloko hauteslekuak banatuta egongo dira, eta beraz, orduan bai, banatuta eman ahalko dira datuak.