EAJk jaso ditu boto gehien Galdakaon, eta EH Bilduk Usansolon
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIAK: Lehendakarigaien sareetatik
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak antolatu dira gaur, EAJren garaipenarekin eta EH Bildurekin eserleku kopuruetan berdinduta. Galdakaon ere EAJk jaso ditu bozka gehien, baina nabarmena izan da EH Bilduk jaso duen gorakada. Hemen egin du BINKEk emaitzen irakurketa arina.
[ EGUNERATZEN ]Inoizko hauteskunde kanpaina apalenaren ostean —kirol-ekitaldi handiak, Aste Santuko oporrak, Ardanzaren heriotza…— gaur, apirilak 21, antolatu dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Goizeko bederatzietan ireki dira Galdakaon eta Usansolon ere hauteslekuak, eta 20:00etan normaltasun osoz itxi.
Usansolo udalerri dela egin diren lehenengo hauteskundeak izan dira hauek, baina BINKEk aurretik iragarri bezala, Galdakaoren datuen barnean ageri dira Usansolokoak ere. Datu orokor horri erreparatuta beraz, eta behin botoen %100 zenbatuta, Galdakaok EAJ bozkatu du gehien eta EH Bilduk nabarmen egin du gora.
Usansolon aldiz, EH Bilduk jaso du babes zabalena 943 botorekin —EAJk baino 43 boto gehiago—.
EAE osoan, boto kopurutan dezente egin du behera EAJk baina lehenengo alderdirik bozkatuena izaten jarraitzen du. Galdakaon aldiz, jeltzaleek 527 boto gehiago jaso dituzte —2020ko hauteskundeekin alderatuta—.
Koalizio soberanistak nabarmen egin du gora. Emaitza historiko hori bai Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zein Galdakaon bizi izan ditu EH Bilduk. Gure udalerrian, esaterako, 1.539 boto gehiago jaso ditu koalizio ezkertiarrak 2020koekin alderatuta.
Alderdi espainiar nagusiek ere, PSE-EEk eta PPk, gora egin dute Galdakaon. Podemosek ordea 700 bototik gora galdu ditu, gehienak Sumar-en mesedetan.
Galdakaon eta Usansolon, guztira, 23.951 herritar izan dira gaurko hauteskundeetara parte hartzera deituta egon direnak, eta horien %62,16k erabaki du bere eskubidea gauzatzea. Parte-hartzea gure udalerrietan EAEkoaren parekoa izan da.