Zabalik dago Maximo Moreno Musika Eskolan matrikulatzeko epea maiatzaren 24ra bitarte
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Gaurtik aurrera eta maiatzaren 24ra arte zabalik dago hurrengo ikasturterako Maximo Moreno Musika Eskolan matrikulatzeko epea. Hemen batu ditugu izena emateko jakin beharrekoak.
Honezkero zabalik dago Galdakaoko Maximo Moreno Musika Eskolan hurrengo ikasturterako matrikula egiteko epea. Maiatzaren 24ra arte egin daiteke webgune bitartez eta lguntza teknikoa behar duten pertsonentzat, Urreta kaleko 21 zenbakian dagoen musika eskolara joan daitezke, ordutegi hauetan:
• Astelehen eta eguenetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara
• Martitzen, eguazten eta barikuetan, 9:00etatik 14:00etara
Udal Musika Eskolak lau maila eskaintzen ditu, musikarekin lehen harremana izateko mailan hasi, eta hobekuntzarako mailara arte. Adinari dagokionez, matrikularen urte naturalean 5 urte betetzen dituzten haurrek eta adin horretatik gorakoek ikasi ahalko dute eskolan.
Horrez gain, 14 urtetik gorakoentzako edo II. maila gaindituta dutenentzako tailerrak ere eskaintzen ditu Maximo Moreno Musika Eskolak, eta errefortzu eskolak erregimen arautura (kontserbatorioa) sarbidea egiteko probak gainditu nahi dituztenentzat.
Halaber, beste espezialitate batzuk ere eskaintzen ditu, aldez aurretik musika-ezagutzak izan ala ez, hala nola batukada edo koru afizionatua. Konboa ere eskaintzen da (rock, jazz eta abarreko instrumentu taldeak), eta II. maila gaindituta edo ezagutza baliokideekin sartu ahal izango da. Azkenik, Maximo Moreno Musika Eskolak musika egokituko gela (hezkuntza berezia) eta musikoterapia eskaintzen die ikasleei, 5 urtetik aurrera.
Matrikulazioarekin batera, Galdakaoko Udal Musika Eskolan ikasten ari diren galdakoztarrek diru laguntzak ere eska ditzakete.