Usansoloko jaietako tortilla eta paella txapelketetan izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ander Arrieta
Usansoloko Jai Batzordeak badu honezkero maiatzaren 10etik 12ra bitarte ospatuko diren jaien egitaraua prest. Besteak beste, tortilla eta paella txapelketak antolatuko dira eta beharrezkoa da aurretik izena ematea hauetan parte hartzeko. Hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Maiatzaren 10etik 12ra bitarte antolatuko dira aurten Usansoloko udaberriko jaiak eta jai batzordeak egitarau anitza prestatu du hiru egunetarako, BINKEk jaso zuen moduan. Besteak beste, tortilla eta paella txapelketa antolatuko dira maiatzaren 11n.
Aurreko urteetan mahai eta aulkiekin izan diren arazoak ekiditzeko helburuz, txapelketetan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurretik izena ematea. Maiatzaren 8ra arte egin daiteke ujaba.usansolo@gmail.com helbidera idatziz eta datu hauek zehaztu behar dira: kuadrillaren izena, pertsona kopurua eta eskatu nahi diren mahai eta aulkien kopurua.
Mahaia lortzeko ezinbestekoa da lehiaketaren batean parte hartzea eta kuadrilla guztientzako mahaiak bermatzeko helburuz, bakoitzarentzat mahai bat eta sei aulki banatuko dira hasieran.
Kuadrilla guztiak apuntatzean mahaiak amaitzen badira, izen-ematearen ordena jarraituz banatuko dira eta soberan geratzen badira, gehiago behar dituztenei banatuko zaizkie berriro apuntatze ordena jarraituz.
«Mahai eta aulkien kopuru mugatua dago udaletxetik ezarrita», azpimarratu dute antolatzaileek, bazkalostean materiala batzea «guztion ardura» dela gogoraraziz.