Gotzon Barandiaranek ‘Galbahea’ poema liburua argitaratu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gotzon Barandiaranek bidalitakoa
Gotzon Barandiaranek ‘Galbahea’ poema liburua argitaratu du Susa Literatura argitaletxearekin. Maitasuna da bildumaren ardatza eta barikuan, maiatzak 3, aurkeztu zuen Donostiako udal liburutegian.
Kulturgintzan aritzen den Gotzon Barandiaran hainbat proiektutan murgilduta dago eta orain bere hirugarren poema liburua argitaratu du, ‘Galbahea’ izenekoa. Barikuan, maiatzak 3, aurkeztu zuen bilduma Donostiako udal liburutegian Leire Lopez Ziluagaren eta Harkaitz Canoren laguntzarekin.
BINKEko kolaboratzaileak eta Galdakaori oso lotuta dagoen artistak agerraldian azaldu zuenez, maitasuna da liburuaren ardatza: «Liburuan kantagai ditudan guztiak maitasunetik galbahetu ditut. Alegia, maitasunaren hariak lotzen ditu guztiak».
Poema hauetan Barandiaranen eta beste askoren ahotsak daude eta badira hezur-haragizkoak eta baita fikziozkoak ere. «Nire belaunaldikoekin elkarrizketatu nahi horrek bideratu dit hizkera poetikoa. Esateko idatzi dut. Beste batzuek bezatu, higatu, narriatu dituztelako, oinarrizkoak diren berbak sartu ditut, beren
beregi: askatasuna, maitasuna, damua, errua, iraultza, esperantza… Uste baitut, ezin ditugula berba
horiek, pertsonen eta Lurraren beraren biziraupena arriskuan jartzen ari direnen esku utzi. Garrantzitsuegiak dira», azpimarratu zuen Barandiaranek.
Artistak ‘Galbahea. Ez gara dena ahazteko nahikoa biziko’ izeneko emanaldia ondu du hainbat musikarirekin eta maiatzaren 25ean aurkeztuko du zuzenean Literaturian.
Halaber, Itxaso Bordarekin batera aurkeztuko ditu ‘Itzalen tektonika’ eta ‘Galbahea’ ekainean zehar. Saioeran nork bere poemak zein bestearenak irakurriko dituzte eta iruzkinak partekatzeko aukera izango dute.