EGITARAUA | Udaberriko Sormene maiatzaren 16tik 19ra antolatuko da
TESTUA ETA ARGAZKIA: Irati Alonso García
Maitzaren 16tik 19ra bitarte antolatuko da aurten udaberriko Sormene, egitarau zabalarekin. Besteak beste, musika, literatura eta antzerkia uztartzen dituzten saioak eskainiko dira lau egunetan zehar. Hemen batu dugu gaur aurkeztutako egitarau osoa, egunez egun.
Aurten ere Sormene Galdakaoko sorkuntza plaza ospatuko da eta udaberriko ekinaldia maiatzaren 16tik 19ra izango da. Edizio honetarako egitarau zabala antolatu dute lau egunetan zehar, «sormenak ahalduntzen duela» azpimarratuz.
Gaur aurkeztu dute egitaraua Edurne Espilla Galdakaoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Ane Legarreta eta Janire Egaña Sormeneko talde eragileeko kideek, Torrezabal Kultur Etxean egindako agerraldian.
Honetan, «euskal kultura bermatzeko garrantzia» azpimarratu du Espillak, honezkero ibilbide luzea egin dute eta hasi berri diren artistei erreferentzia eginez. «Lau urtez antolatu dugu Sormene eta ehunka sortzailek parte hartu dute, gehienak emakumeak», nabarmendu du zinegotziak «harrotasunez».
Sormeneren zazpigarren edizioa izango da hau eta honi helduz zazpi jauzi, zazpi ekintza egingo direla azaldu dute antolatzaileek. «Artea kolektibizatzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu eta baita periferia plazara ekarri», adierazi du Legarretak.
Hauek dira antolatuko dituzten ekintzak, egunez egun:
Maiatzak 16, eguena
10:00 Ikasleentzako Booktuber txapelketaren irabazleak iragartzeko ekitaldia, Maximo Moreno Musika Eskolan
Maiatzak 17, barikua
10:00 Ikastetxeen eta euskaltegien irakurtaldi jarraitua: ‘Miñan’ Amets Arzallusen eta Ibrahima Balderen liburua, Torrezabal Kultur Etxean
10:00 Dokumentala: Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018- 2023 + dokumentalaren zuzendari laguntzailearen hitzaldia: Alaine Aranburu. Mahai ingurua: Alaine Aranburu eta Amets Arzallus, Torrezabal Kultur Etxean
21:00 La Basuren kontzertua eta Sormeneren abestiaren aurkezpena, Basoa Tabernan
Maiatzak 18, zapatua
12:00 ‘Hitzen Euria’ Marta Velascoren instalazioa + Carmen Santamariaren eta Natalia Sanchezen musika zuzenean, Muguru plazan
Maiatzak 19, domeka
19:00 ‘Emcumeak’ antzezlana, Itxaso Payá eta Maria Riveroren eskutik, Torrezabal Kultur Etxean
Egitarau hau aurkezteko agerraldian Egañak Irati Bediaga galdakoztarrak idatzitako Sormeneren inguruko ipuin hau irakurri du ere:
«Sormena, mena, euskaraz zentzumenek duten atzizki hori.
Sormene, ene, denok harritzeko, hunkitzeko, ber-planteatzeko dugun behar eta
eskubide den onomatopeia hori.
Sormene, e, euskara ez beste hizkuntzetan, ez ar, ez eme, gure burua larregi klasifikatu nahi ez dugunon hizki hori.
Eta eske, bai eske diot, euskarak, sormenak, bideak, sentipenek ez dutelako zertan gramatika perfekturik jarraitu behar, sormene arte diziplinartekotasuna da, artea kolektibo egitea; baina norbere gorputza bere osoan kolektibizizatzea ere bada, baita gorputz anitz ezberdinak kolektibizatzea ere.
Nor bere osoan beraz… Iñigo Martinezi entzun nion behin ume batek gurasoari eskatzen ziola begiekin
entzuteko.
Maialen Lujanbiori entzun nion behin jada ume ez batek gaueko ligeari eskatzen
ziola azalari uzteko ikusten.
Denok sarean beraz…
Izan ere, artea (eta bide batez hezkuntza, zaintza, osasuna, harremanak, umorea…) modu horizontalean ulertu beharrean dagoelakoan nago, eta ez goitik behera.
Libe Goitiari irakurri nion behin, sutean amamak erakusti ziola Anariren letrak ulertzen.
Eta niri, Kolonbiatik duela urte bete etorritako zazpi urteko euskaldun batek irakatsi dit saltsa dantzatzen eta bere lagunak arepak prestatzen. Eta erresilientzia definitzen jakin gabe, irribarrearekin marrazten.
Eta bitartean: hitzekin bakarrik ez zoaz inora, artearekin bakarrik ez zoaz inora… Eske, bai berriro eske, agian kontua ez da beti aurrera egitea, edo agian alboetara hedatzea ere, zabalean aritzea, ertzak okupatzea, aurrera egitea da.
Eta zein guay, bai orain guay, Galdakon beste behin horrelako ekimen bati hasiera ematea, non Alaine Agirrek aipatzen duen «hitzaren botere performatiboa», edo kasu, «artearen botere performatiboa»-ren aldeko apustu ausarta egiten den. Ausarta da bakoitza bere burbuilatik irten («Burbuilek burmuina uzkurtzen dute», Andoni Egañari Berrian irakurria) eta iraultza sortzaileari ekitea. Zeren «Maitatu, kantatu eta dantza ezin bada ez da gure iraultza».
ONDO ETORRI SORMENE! MENE! ENE! E! E! E!»