Mikel Sanchezen Rally48 taldeak VillaSound lehiaketaren Tour 24 saria irabazi du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Mikel Sanchezek bidalitakoa
Mikel Sanchez galdakoztarrak Rally48 taldea sortu zuen duela urtebete Chois, Mark-L eta Quiet Guest-ekin batera. Orain Bilboko Villasound lehiaketaren Tour 24 saria irabazi dute eta honi esker estatu mailan lau kontzertu eskainiko dituzte. Sanchezekin hitz egin dugu esperientziaren inguruan.
Erizaintzako ikasketak eginda, erizaina ere bada lanbidez Mikel Sánchez galdakoztarra. Hala ere, herritarren osasunaren alde egiten duen lanarekin baino, publikoki ezagunagoa da musikarekin egiten duen lanagatik.
Pasa den urteko urtarrilean BINKEren azalako protagonista izandakoa rapean aritzen da M. Sanchez izenpean baina duela urtebete Rally48 taldea jarri zuen martxan Arrigorriagako Chois eta Mark-L eta Etxebarriko Quiet Guest DJ-arekin batera.
Sanchezek BINKEri azaldu dionez, musikari esker ezagutu ziren eta haien arteko hurbiltasunak bai taldearen eta bai kolaborazioen sortze-prosezua erraztu zuen.
«Urban soinuaren eta estilo klasikoago baten nahasketa» uztartzen du taldeak eta plataforma guztietan entzun daiteke haien lehen diska maiatzaren 2tik, ‘Rally48’ izenpean ere.
Lana kaleratu eta bi egun geroago Bilboko Villasound Tour 24 saria jaso zuten. «Urte honetan zehar egin dugun lana jendeari erakustea sari handia da guretzat, baina Tour hau irabaztea behar genuen bultzada da Rally48 proiektuarentzat eta partaide guztientzat. Estrella Galiziak bederatzi garagardo eman zizkigun taldearen izenarekin, hori ere sari itzela ere», adierazi du galdakoztarrak.
Sari honi esker estatu mailan lau kontzertu eskaintzeko aukera izango dute eta zehaztuta ez dauden arren, taldearentzat «esperientzia ikaragarria izango da eta ikasteko eta hobetzeko balioko digu».Lehiaketaren bitartez lortutako lau kontzertuez gain gehiago lotzen saiatzen ari dira eta bira txiki bat egitea gustatuko litzaieke.
Bere proiektu pertsonalarekin jarraitzen du ere Sanchezek eta taldekide guztiek besteen proiektuetan parte hartzen dutela aitortu du: «Abesti berriak sortzea, kontzertu gehiago lortzea eta hurbilago ditugun mugimendu artistikoekin hastea dira gure oraingo helburu nagusiak».