Auzotik Galdakao proiektuaren bilera irekiak antolatuko dituzte Urretan eta Aperribain
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Auzotik Galdakao proiektuaren baitan, Aperribai eta Urreta auzoen beharrizanak identifikatzeko diagnostikoak amaitu dituzte. Orain horiei erantzungo dieten ekintzen inguruan lan egingo dute eta horretarako tailer ireki bana antolatuko da Urretan eta Aperribain.
Galdakaoko auzoen egoera hobetzen jarraitzeko asmoz, Udalak ‘Auzotik Galdakao’ proiektua jarri zuen martxan iazko azaroan. Egitasmoa bi eremutan abiatu zen eta beranduago herri osora zabaldu zen, BINKEk jaso zuen moduan.
Lehen bi eremuak 1 eta 2 izan dira, Aperribai eta Urreta inguruei dagokienak, eta hauetan honezkero eharrizanak identifikatzeko diagnostikoak amaitu dituzte.
Hortaz, orain horiei erantzungo dieten ekintzen inguruan lan egiten hasiko dira eta horretarako, bihar eta egunenean, maiatzaren 28 eta 30ean, tailer ireki bana antolatuko da.
Bilera horietan herritarrek parte hartu ahalko dute, udal teknikariekin batera ekintza horiek zehazteko. Helburua herritarrak eta udal teknikariak elkarlanean aritzea da, gune bakoitzerako ekintzen inguruan.
Hauek dira deialdiak:
- 1. eremuko tailerra: Agirre, Aperribai, Azpuru, Olabarrieta, Txistulanda, Aperribai-Zaharra eta Jugu auzoetarako proposamenak landuko dira.
– Maiatzak 28, martitzena
– 18:30-20:30
– Aperribaiko eskolan (gimnasioan) - 2. Eremuko tailerra: Tximelarre Goikoa, Urtebieta, Zuatzaurre eta Urreta auzoetako proposamenak landuko dira
– Maiatzak 30, eguena
– 18:30-20:30
– Urreta 2 Eskolan
Bileretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea erabaki.galdakao.eus plataforman, 688 83 04 79 telefono zenbakira deituz edo Telegram zein WhatsApp mezua bidaliz ere eman daiteke izena.
«Nor bere auzotik abiatuta herrirako proposamenak bertan egiteko deia egiten du Udalak, lehentasunak ezarri eta herri ikuspegi osatu batekin lan egiteko tresna izango baita herritarren parte hartze zuzenerako egitasmo hau», nabarmendu dute Galdakaoko Udaletik.