Martxan da aurtengo Santakurtzak iragartzeko kartelaren lehiaketa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Aurtengo Santakurtzak irailaren 13tik 22ra izango dira eta jai galdakoztarrak iragartzeko kartel lehiaketa abian jarri du Udalak uztailaren 5era bitarte. Hainbat baldintza bete behar dituzte parte-hartzaileek eta albiste honetan batu ditugu.
Irailaren 13tik 22ra bitarte antolatuko dira aurtengo Santakurtzak eta honezkero martxan dago hauek iragartzeko kartela hautatzeko prozesua. Uztailaren 5era arte aurkeztu daitezke proposamenak eta bi modalitate izango dira: haur eta gazteak —2007 eta 2016 urteen artean jaiotakoak— eta helduak —2007ko urtarrilaren 1a baino lehen jaiotakoak—.
Hori bai, «aurkeztutako lanek aurretiaz argitaratu gabeak» izan behar direla jakinarazi du Udalak, eta beste baldintza hauek aipatu ere:
- Kartelek 50x70ko neurria izan behar dute.
- Euskarri zurrunaren gainean muntatuta egon beharko dute.
- Kolorea eta teknika librea izango da eta partehartzaile bakoitzak gehienez bi obra aurkeztu ahal izango ditu.
- Nahitaez ‘GALDAKAOKO SANTAKURTZAK 2024. Irailak 13-22’ leloa eraman beharko dute.
- Lanak ezingo dira diskriminatzaileak izan, sexu, genero identitate edo sexu orientazioa dela eta. Helburu horrekin, testuetan hizkera ez sexista erabili beharko da eta irudietan bi sexuen presentzia orekatua bermatu beharko da. Era berean, ez dira inola ere onartuko mota hauetako lanak: pertsonak beren sexu, genero identitate edo sexu joeraren arabera giza duintasunari dagokionez maila altuagoetan edo baxuagoetan aurkezten dituztenak edo sexu objektu soil gisa aurkezten dituztenak; genero estereotipoak sustatzen dituztenak; eta emakumeen kontrako indarkeria justifikatzen, hutsaltzen edo bultzatzen dutenak.
- Uztailaren 5era arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailean (Lehendakari Agirreren plaza z/g), 9:00etatik 14:00etara.
- Lanak leloa idatzita eta izenperik gabe aurkeztuko dira, eta kartelekin batera, gutun azal itxi baten kanpoaldean, lelo berbera eta egilearen adina.
- Gutun azalaren barruan jasoko dira egilearen datu pertsonalak —egilearen izena, helbidea eta telefonoa— eta NANaren fotokopia, edo hamalau urtetik beherakoa balitz, bere nortasuna eta jaiotze-data egiaztatzen dituen beste edozein dokumentu publiko edo ofizial.
Kartel irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du helduen kategorian, bigarrenak 400 eurokoa, eta sari berdina udalerriko lehenengo sailkatuak. Haur-gazteen kategorian, aldiz, udalerriko denda batean gastatzeko 100 euroko bonoa izango dute ondorengo adin tarteko irabazleek: 2014 eta 2016 urteen artean jaiotakoak, 2010 eta 2013 artean jaiotakoak eta 2007 eta 2009 artean jaiotakoak.