Galdakaoko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa bihurtzea eskatu du ELA sindikatuak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA sindikatua
ELA sindikatuak Galdakaoko Udaleko alderdi politiko guztiei eskatu die abiatu dezatela Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa bihurtzeko prozesua, gaur egun esku pribatuetan baitago. Eskaera atzo, ekainak 25, erregistratu zuten udaletxean.
Galdakaoko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua esku pribatuetatik kendu eta zerbitzua publikoa egiteko eskatu die ELA sindikatuak Galdakaoko Udaleko alderdi politiko guztiei. Atzo, ekainak 25, erregistratu zuten eskaera sindikatuko ordezkariek udaletxean.
ELAren hitzetan, gaur egun Udalak 48 langile azpikontratatuta ditu, denak emakumeak eta horietatik 11 behin-behinekoak. «Gaur egun, eta erabaki politikoen ondorioz, zerbitzuen %90 baino gehiago titulartasun publikokoak dira, baina enpresa pribatuek kudeatzen dituzte», adierazi dute.
«Lanean jarraituko dugu zerbitzuak publifikatzeko», azaldu dute ELAtik, EUDEL-i uztailaren 11rako bilera bat eskatuko diotela iragarriz.