Firu: «Belaunaldi berriak oso indartsu datozela uste dugu»
Firu kuadrila @__firu
BINKE / 2021eko martxoa
«Belaunaldi berriak oso indartsu datozela uste dugu»
GALDERAK: Fvckgolons kuadrila @fvckgolons
Nondik dator zuen kuadrilaren izena? Garai batean txakur bat sartzen zitzaigun txamira eta guk Firulais deitzen genuen. Horrekin batera, jaietan parte hartzeko izen bat behar genuenez, ba haren omenez Firu izena aukeratu genuen. Inoiz entzun duzuen istoriorik hunkigarriena, ezta?
Uda honetarako planen bat prestatuko duzue? Bai! Egun batzuk egingo ditugu landetxe batean. Momentuz ez dugu datu gehiagorik emango, kuadrila askori ideia originalak edukitzea kostatzen baitzaie eta ez ditugu hortik topatu nahi… Hala ere, oso gogotsu gaude aurtengo udarekin. Agian jaiak berriro etorriko dira, eta gu irrikan gaude.
Jazz Giroan egoteko aukera zegoenean, bertan ez zintuztegun askotan ikusi… Beste lekuren bat duzue juergarako ala? Gauaren azken orduak eta goizeko lehen orduak desberdintzea garrantzitsua dela uste dugu. Gu ordu horietan liburutegian geunden, goizak aprobetxatzea gustuko dugulako!
Koronabisua dela eta, zer duzue faltan? Alde batetik eta gehiengoak bezala, jaiak. Faltan botatzen dugu herri batetik bestera «solo a liarla» lemapean joatea. Bestetik, kuadrilako guztiak Somerako mahai bakar batean ere faltan botatzen dugu, launaka jartzen hasi ginenetik gure arteko komunikazioa konplikatu zaigulako.
Zein iritzi duzue Galdakaoko gazteriari buruz? Belaunaldi berriak oso indartsu datozela uste dugu, eta baita konfinamendutik denak aztoratuta atera garela ere. Ziur gaude Someran garai sutsuak etorriko direla…
Galdakaoko jaiak betiko moduan ospatuz gero, zein izango litzateke zuen probarik gustukoena? Bakarra aukeratu beharko bagenu playback-a izango litzateke, irrikaz baikaude hurrengorako —ez baduzue oraindik igarri, irrigarri gelditzea gure hobbyetako bat da—. Baina azkenengo jaietan gehien disfrutatu genuena orienting-a izan zen, oso esperientzia espirituala izan genuelako; batzuetan zure burua topatzeko beharrezkoa da galtzea.
Zein kuadrila aukeratuko zenukete etxe batean bigarren berrogeialdi bat igarotzeko? Ahal izanez gero, nahiago dugu zuekin ez nahastea eta ziurrenik Fvckgolons-ekin elkartuko ginateke. Momentua heltzen bada hitz egingo dugu… Hori bai, bigarren aukera Trabus-ekoei «dm» bat botatzea da.
Nor da zuen Instagram kontua kudeatzen duena? Galdera berdina egiten diogu geure buruari. Ez dugu gauza askorik jartzen Instagramen, hala ere, «story» batzuen jatorria oraindik ez daukagu argi. Buruhausteak ekiditeko, gure gomendioa zerbait arraro agertzean ezikusiarena egitea da.
Ligoteoa zuen indargunea al da? Kantitatearen aurretik kalitateari ematen diogu guk garrantzia. Txiri-txiri goaz, baina esan dezakegu pandemia ostean ere betiko erritmoa mantendu dugula. Batzuontzat erritmo hori hutsa da… baina hori beste baten kontatuko dizuegu, dena ezin dizuegu lehenengo elkarrizketa honetan kontatu-eta!