Galdakaoko Udalak bere gain hartuko du Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Africa Images
Bi urteko luzapena egin ordez, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua urtebetez soilik luzatzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak. Honen helburua Galdakaoko Udalak 2025ean zerbitzua bere gain hartzea da.
Ekainaren 27an osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta hainbat erabaki hartu ziren honetan. Besteak beste, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren kontratua luzatzea adostu zuen Galdakaoko udalbatzak. Kontratuaren luzapena bi urtekoa izan ordez urte bakarrekoa izango da, kudeaketa zuzenerako aukera aztertzen ari delako Udala.
«Zaintzarako zerbitzu hori enpresa pribatu baten esku utzi ordez Udalak beregain hartu eta zuzenean kudeatzeko bidean pauso bat da», azaldu zuten Udaletik. Helburua beraz, Galdakaoko Udalak 2025ean zerbitzua bere gain hartzea da. Kontratua 1.692.000 eurokoa da, adineko pertsonei eta menpekotasuna dutenei arreta etxean ematen diena.
ELA sindikatuak Galdakaoko Udaleko alderdi politiko guztiei eskatu zien abiatu dezatela Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua publikoa bihurtzeko prozesua.