Rockein lehiaketak parte hartze marka hautsi du bederatzigarren urtez jarraian
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Rockein
Pasa den astean itxi zen Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei zuzenduta dagoen Rockein musika lehiaketaren 12. edizioan izena emateko epea. Guztira 195 proiektuk parte hartuko dute aurten, bederatzigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz.
Pasa den astean, uztailaren 11n, itxi zen Rockein musika lehiaketaren 12. edizioan izena emateko epea. Txapelketa Hego Euskal Herriko bakarlari eta taldeei zuzenduta dago eta Basauriko Udalak antolatzen du.
Antolakuntzak iragarri duenez, bederatzigarren urtez jarraian parte hartze marka hautsi du lehiaketak, 195 proiektuk izena eman ostean. Proposamenen artean 33 tokikoak dira eta hortaz Basaurin, Arrigorriagan, Etxebarrin, Galdakaon, Ugaon, Usansolon edo Zaratamon erroldatutako kide bat dute gutxienez.
Euskarazko talderik onenari saria lortzeko hautagaiak ordea 50 dira eta 15k Eskarabilera saria eskuratzeko aukera izango dute, gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten proiektuak.
Epaimahaiak batu ditu honezkero proposamen guztiak eta orain azaroaren 16an Basaurik Social Antzokian egingo den finalean zein talde edo bakarlarik joko duten erabaki behar du.