Galdakaoko Ibilaldiak online denda ere estreinatu du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ibilaldia 2025
Eguzkibegi Ikastolak 2025ean antolatuko duen Ibilaldia jairako arropa eta osagarriak, denda fisikoan ez ezik, aurrerantzean internet bidez ere erosi daitezke. Horren inguruko xehetasun gehiago kontatu ditu BINKEk bere webgunean.
Eguzkibegi Ikastolarekin loturarik izan edo ez, honezkero galdakoztar guztiek izango dute 2025eko maiatzaren 25eko egun seinalatuaren berri: Ibilaldia antolatuko da Galdakaon. Eta data nabarmen horri begira motorrak berotzen joateko arropa eta osagarriak kaleratu ditu Ibilaldiaren antolakuntzak. Hala aurkeztu zituzten ekainaren 15ean Kurtzeko plazan egindako ekitaldi publikoan, eta denda irekiko zenaren berri eman ere.
Denda fisikoak irekita egoten jarraitzen du bere ohiko ordutegian —Sollube kalea 10, eguen eta barikuetan 17:00etatik 20:00etara; eta zapatuetan 11:00etatik 14:00etara—. Baina aurrerantzean, denda fisikoari online bidezko salmenta ere gehitu zaio, barikuan Ibilaldiak bere sare sozialen bitartez iragarri zuen bezala.
Aurrerantzean beraz, Ibilaldiko produktuak eskuratu nahi dituenak ekimenaren webgunera joatea baino ez du, Denda atalean klik egin eta Online denda azpiatalean sartuta. Bertan eskuragarri daude dagoeneko hamaika kolore eta estiloko arropa zein osagarri pila. Arropen kasuan, bi kategoria bereizi ditu online dendak: gazte eta helduak; haur eta gaztetxoak.