Txupinazoa udaletxe barrutik bizitzeko aukera izango dute hamar herritarrek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Santakurtzetako txupinazoa udaletxe barrutik bizitzeko aukera izango dute hamar herritarrek aurten. Izena ematen dutenen artean bost pertsona hautatuko dira zozketa bitartez eta hauek beste lagun batekin joateko aukera izango dute.
Barikuan, irailak 13, hasiko dira aurtengo Santakurtzak eta aurten Zaukena Zauk kuadrilako Ainhoa Artetxe izango da txupina pizteko arduraduna. Horren aurretik, Oier Ibarretxe boxeolariak pregoia eskainiko du, BINKEk jaso zuen moduan.
Aurten, zenbai herritarrek une hori udaletxe barrutik bizitzeko aukera izango dute. Kuadrilek Juan Bautista Uriarte kaletik udaletxe atzealdera arteko igoera egin ondoren, 20:30ean espero dira pregoia eta txupina. Hala ere, pregoilaria eta txupineroa lehenago egongo dira udaletxean. Udalak 19:30ean harrera egingo die pleno aretoan, eta bertan egongo dira, txupinaren ordua iritsi arte.
Une horiek bertan bizitzeko aukera hamar herritarrek izango dute eta horretarako mezu bat idatzi beharko da txupinazoa@galdakao.eus helbidera. Bihar, irailak 11, da horretarako azken eguna eta mezuan izen-abizenak, NAN zenbakia eta telefono zenbakia zehaztu behar dira.
Izena ematen dutenen artean bost saridun aukeratuko dira zozketa bitartez eta bakoitza beste lagun batekin joan ahalko da txupinazoa udaletxe barrutik bizitzera, besteak beste, pregoilariarekin, txupineroarekin, Udaleko kideekin eta teknikariekin.