Bizkaiko Batzar Nagusiek Usansoloko erdigunean geltokia ezartzea ukatu zuten
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Batzar Nagusiak
Barikuan, irailak 13, EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek Usansoloko erdigunean Metro geltokia ezartzeko proposamena aurkeztu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proposamena ez zen onartu, EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu ostean.
Ikasturte berriko ohiko saioak hasi ziren barikuan, irailak 13, Bizkaiko Batzar Nagusietan eta oposizioak Garraio, Mugikortasun eta Turismorako batzordean aurkeztu zituen arauz besteko lau proposamen bideratu zituzten.
Hauetako bat EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek aurkeztutakoa izan zen, Metroaren 5. linearen eraikuntza-proiektuaren idazketan «moratoria bat» eskatzeko. Proiektuaren idazketa —maiatzaren 30ean esleitutakoa– geldiaraztea eskatu zuten talde biek, «Usansoloko erdigunean geltoki bat aurreikusten duen alternatiba bat zehaztu eta ezarri arte».
EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten eta horrenbestez, PPk aldeko botoa eman arren, proposamena ukatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek.
Foru Gobernua osatzen duten talde biek Bizkaiko Foru Aldundiari, ETSri eta Eusko Jaurlaritzari 5. linearen garapenarekin jarraitu dezaten eskatzeko, «Eusko Legebiltzarrak 2023ko martxoan hartutako erabakiarekin bat etorrita».
Agindu horrek lan horiek ez geldiarazteko eskatzen die erakundeei, ibilbide osoari ez eragiteko, eta «alde tekniko, sozial eta ekonomikotik bideragarriena den» alternatibaren alde egiteko, tren zerbitzua Usansoloko erdigunera hurbiltzeko.
Geltokia Erdigunean plataformako kideak izan ziren Bizkaiko Batzar Nagusien atarian saioa baino lehen, BINKEk jaso zuen moduan, Usansoloko erdigunean geltokia aldarrikatzen jarraitzeko.