Geltokia Erdigunean plataformak asanblada irekia antolatuko du bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean plataforma
Usansolotarrek herriko erdigunean Metro geltokia eskatzen jarraitzen dute eta Geltokia Erdigunean plataformak gaiaren inguruko asanblada irekia antolatuko du bihar, irailak 18. Hitzorduan Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak parte hartuko du.
Barikuan, irailak 13, EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek Usansoloko erdigunean Metro geltokia ezartzeko proposamena aurkeztu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan. Proposamena ez zen onartu, EAJ-PNVk eta PSE-EEk kontra bozkatu ostean, BINKEk jaso zuen moduan.
Hala ere, usansolotarrak herriko erdigunean Metro geltokia jartzeko aldarrikapenarekin jarraitzen dute, eta bihar, irailak 18, gaiaren inguruko asanblada irekia antolatuko dute 18:45ean elizan.
Hitzorduan Loly de Juan Eusko Jaurlaritzako Garraio Azpiegituren zuzendariak parte hartuko du eta helburua proiektuaren inguruko zalantzak argitzea da.
Plataformak adierazi duenez, saioa baino lehen, 18:30ean, kontzentrazioa egingo dute aldarrikapena nabarmentzeko.