Zabalik dago Galdakaon enpresak sortzeko dirulaguntzak eskatzeko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaon erroldatuta dauden ekintzaileei eta herrian negozio bat sortzea pentsatzen ari direnei zuzendutako dirulaguntzak eskainiko ditu Galdakaon Udalak. Hauek honezkero eskatu daitezke, urriaren 24ra bitarte.
Galdakaoko Udalak herrian erroldatuta dauden ekintzaileei eta Galdakaon negozio bat sortzea pentsatzen ari direnei zuzendutako dirulaguntzak emango dituela jakinarazi du. Hauek eskatzeko epea zabalik dago honezkero, urriaren 24ra bitarte.
Laguntza ekonomiko horiek 1.500 eurora artekoak izan daitezke eskatzaile bakoitzeko, eta «negozio bat abian jartzea pentsatzen ari diren baina oraindik autonomo gisa ari ez diren langabeei laguntzea dute helburu».
Horretarako, Galdakaoko Udalak Lanbiderekin elkarlanean bi laguntza ildo bideratu ditu: alde batetik, negozio ideiak garatzera bideratutakoak, eta, bestetik, proiektuak garatzera bideratutakoak, behin ideiak definituta daudenean.
Laguntza hauetan interesa duten pertsonek Galdakaoko Udaleko Toki Sustapen eta Enplegu Arlora jo dezakete 94 401 05 80 telefonora deituz, janirebehargintza@galdakao.eus helbide elektronikora idatziz edo Zabalea auzoa 35, atzealdea helbidean dagoen Behargintzako bulegora hurbilduz.
Bertan, autoenplegu zerbitzuaren bitartez, aholkularitza, prestakuntza eta laguntza eskaintzen da laguntza horien eta beste batzuren eskaerak aurrera eramateko beharrezkoak diren izapideak egiteko eta ezinbesteko betekizunei buruzko beharrezko informazioa lortzeko.
Gainera, Behargintzako bulegoak ekintzaileei aholkularitza zerbitzua eskaintzen die gainerako laguntza eta izapideetan, deialdi berriak ireki ahala eta pertsona bakoitzaren beharren arabera.