Leire Olano usansolotarra ETBko Mihiluze saioan partaide hasi da bart
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Mihiluze, EITB
Euskararekin jolastuz dirua irabaztea helburu duen Mihiluze saio ezagunak lehiakide berri bi izan ditu bart gauean, eta euretako bat herrikidea dugu: Leire Olano usansolotarra. Leireren eta bere bikote Olatzen zein saioan egindakoaren berri kontatu nahi izan dizue BINKEk ondoko albistean.
Euskal Telebistako Mihiluze saio historiko eta arrakastatsuak Euskal Herri osoko euskaltzaleak hartu ohi ditu bere eguneroko saioan, hizkuntzarekin jolastuz dirua irabaztea helburu duena. Eguazten honetan bikote berria izan du partaide: Olatz Del Molino eta Leire Olano. Lehenengoa sestaotarra, eta bigarrena berriz, usansolotarra.
Euskal Herriko Unibertsitatean ezagutu dute elkar Leirek eta Olatzek, 19 urteko gazteek, eta bertan egindako harremanaren ondorio erabaki zuten Mihiluzera parte hartzen joatea. Kimika ikasten ari dira, bigarren ikasturtean, eta eguneko zakua —12.700€ zeuden saio horretan jokoan—irabaziz gero, bidaia bat egingo zutela adierazi zuten kameren aurrean, «baina lehenengo klaseko kideak zerbait hartzera gonbidatuko ditugu», esan zien usansolotarrak Ilaski Serrano eta Antton Telleria aurkezleei.
Ia ordubeteko saioan lan duina egin zuten Leirek eta Olatzek, 450 punturekin, aurreko saioetan 1.200€ko irabaziak lortu zituen bikotea kaleratzea eta finalaren aurreko azken fasera igarotzea lortuta. Aldiz, zazpigarren saioa zuten bikotea —Maialen eta Irati biologoak— ezin izan zuten garaitu atzo. Hala ere, bertara iristeagatik, gaur eguena bigarren saioa egingo dute Mihiluzen.
Eguen honetan beraz, 21:20etik aurrera ETB-1en ikusiko dugu usansolotarra finalera iritsiko den, beste saio bat egiteko aukera izango duen ala —gaurko saioan hirugarren geratuz gero— zuzenean etxera bidaliko duten. Zorte on!