Zabortegi bat eraiki gura dute Ganguren mendian, Zaldibarkoaren bikoitza
Hondakinak
BINKE / 2021eko apirila
Zabortegi bat eraiki gura dute Ganguren mendian, Zaldibarkoaren bikoitza
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Morquecho
Zaldibarkoaren bikoitza eta Euskadiko handiena izango litzatekeen zabortegia Ganguren mendiaren magalean eraikitzeko asmoa erakutsi du enpresa batek, baina gaur gaurkoz, Lezamako Udalak ez du horretarako baimenik emango.
Ganguren mendiak gailurra eta bere azalerarik handiena Galdakaon baditu ere, iparraldeko magalak Zamudio eta Lezaman ditu. Azken udalerri honen lurretan, enpresa sustatzaile batek zabortegi bat egiteko asmoa erakutsi du. Zabortegi horrek, Lezama Bizirik elkarteak adierazi zuenez, «40 hektarea hartuko lituzke eta lau milioi metro kubiko hondakin hartzeko edukiera izango luke».
Azken datu horiek elkarte ekologistak adierazi bezala izango badira, edukieraz Zaldibarko zabortegiaren bikoitza izango litzateke Ganguren mendiko lantegi hau. «Gainera, Zaldibarkoan jaso litezkeen hondakinen kalifikazio bera izango luke zabortegi berri honek», Lezama Bizirik taldearen esanetan, «eta bertatik igaro den Eguskitza ibaia desagerrarazi egingo luke».
«Euskadiko handiena» izango omen da, eraikitzen bada, Gangurenen bestaldeko herrietan kezka eragin duen hondakindegi hau.
Hala ere, ez dago argi eraiki ahal izango dutenik. Iragan 22an, Lezamako Udalak herrikideak deitu zituen, gaiari buruzko informazioa eskaintzeko. Hiru txandatan antolatu zituzten bilerok, eta argi utzi zuten erakundetik: «1988ko hiri-antolamenduko arau subsidiarioek honelako ekintzak baimentzen ez dituztela kontuan izanda, Udalak ez du kontsideratu Lezaman horrelako azpiegitura baterako udal-jardueraren lizentzia ematea».
Udal-gobernua jeltzaleen esku badago ere, bat egin dute zabortegiaren aurkako jarrera honetan udalerriko EAJk eta EH Bilduk.