Gizon bi atxilotu dituzte Galdakaoko etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ertzaintza
Ertzaintzak, Galdakaoko udaltzainekin batera, gizon bi atxilotu zituen atzo Galdakaoko etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. Poliziaren presentzia ikusita, erasotzaileak ihes egiten saiatu ziren baina agenteek atxiki egin zituzten.
Gizon bi atxilotu zituzten atzo eguerdian Galdakaon, etxebizitza batean lapurtzen saiatzeagatik. Poliziaren presentzia ikusita, erasotzaileak ihes egiten saiatu ziren baina Ertzaintzak atxilotu egin zituen, Galdakaoko udaltzainen laguntzarekin.
Ihes egiten saiatzean, horrelako lapurretak egiteko erabili ohi diren tresnak eta erremintak bertan behera utzi zituzten lapurrek, besteak beste, gakorde bi eta xafla metaliko bi. «Xafla horiek etxeetan sartzeko erabiltzen dira, inpresionin izeneko teknikaren bidez», adierazi du Ertzaintzak.
Bi gizonak, 28 eta 40 urtekoak, eta lapurretekin eta ebasketekin lotutako delitu-aurrekariak dituztenak, epailearen esku utziko dituzte datozen orduetan.