Etxeetako irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko dirulaguntzak eskainiko ditu Galdakaok
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Afincálitas
Eguaztenean, urriak 30, urriko osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta honetan hainbat gai eztabaidatu zituzten alderdiek. Besteak beste, etxeetako irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko dirulaguntzak eskaintzea onartu zuten aho batez.
Galdakaoko udalbatzak urriko osoko bilkura antolatu zuen eguaztenean, urriak 30, eta honetan hamaika gaien inguruan aritu ziren alderdiak. Usansolok eta Galdakaok adostutako diru banaketari bide eman eta Udaleko euskararen erabilera plana adostu zuten, besteak beste.
Halaber, zabor bilketaren tasa %69 igotzea onartu zuen udalbatzak, Europako araudi berria betetzeko, BINKEk jaso zuen moduan.
Bestalde, Galdakaoko etxeetako irisgarritasuna eta energia eraginkortasuna hobetzeko lanetarako eta energia iturri berriztagarriak jartzeko dirulaguntza berriak eskaintzea adostu zuten alderdiek, aho batez. Etxebizitza pribatuetako lanetarako eta bizitegi eraikinetako elementu komunetarako izango dira laguntzak.
Laguntza hauek oztopo arkitektonikoak ezabatzeko lerroan igogailuak jartzeko erabili ahalko dira esaterako, edo etxe barruetan bainuontzien ordez dutxak jartzeko. Bigarren lerroa energia eraginkortasuna hobetzera bideratuta dago, adibidez, eraikinen isolamendua hobetzera. Hirugarren lerroa, berriz, autokontsumorako energia berriztagarri iturriak jartzeko da.
Guztira, 200.000 euro bideratuko dira laguntza horien bidez, 2024ko aurrekontuan.