Itxaso Hernandezek domina bi lortu zituen Iruñeko Taekwondo Openean
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Urreta Taekwondo Taldea
Azaroaren 2an Iruñeko Taekwondo Opena hartu zuen Nafarroa Arenak eta honetan 600 kirolari inguruk parte hartu zuen. Itxaso Hernandez galdakoztarra izan zen hauetako bat eta gazteak domina bi lortu zituen.
Nafarroa Arenak hitzordu berezia hartu zuen azaroaren 2an, izan ere, 600 kirolari batu zituen Iruñeko Taekwondo Openean parte hartzeko. Guztira, 100 talde baino gehiago batu ziren, tokiko taldeen, kluben eta selekzioen artean.
Itxaso Hernandez galdakoztarra izan zen parte-hartzaileetako bat, eta gazteak zilarrezko domina lortu zuen Senior 1 kategorian. Bikote 1 modalitatean ere domina lortu zuen Iruñean, kasu honetan brontzezkoa.
Datorren abenduaren 8an La Nucian ospatuko den Kluben Arteko Espainiako Txapelketan emaitza ona lortzea da bere hurrengo helburua.