Metroaren obren eraginez Unkina eskolatik egunean 80 kamioi igaroko direla salatu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Geltokia Erdigunean plataformak eta Kabildu Guraso Elkarteak bilera antolatu zuten atzo, Metroaren 5. linearen obrek Unkina eskolan «eragin zuzena» izango dutela azaltzeko. Salatu dutenez, 80 kamioi igaroko dira egunean eskola albotik.
Metroaren 5. lineak Usansolon eragingo dituen kalteak salatzen jarraitzen du Geltokia Erdigunean plataformak. Bide honetan, asanblada irekia antolatu zuen atzo, Unkina eskolako Kabildu Guraso Elkartearekin batera, usansolotarrei obrek herriaren erdigunean eragingo dituzten kalteak azaltzeko.
«Plataformatik Metroaren proiektuak eragingo dituen kalteen berri ematen ari gara azken hilabeteetan eta uste genuen garaia zela Meatzeta inguruko familei obrek sortuko dizkieten kalteak zeintzuk izango diren helaraztea. Horregatik antolatu genuen bilera», azaldu dio BINKEri Jon Atxutegik, Geltokia Erdigunea plataformako kideak.
Honetan azaldu zutenez, ez dago Meatzeta eta Unkina eskolaren inguruetan obrak hasteko data finkorik baina, «lan hauek gutxienez lau urte irautea aurreikusten dugu». Epe honetan, hainbat izango dira inguruak jasoko dituen kalteak plataformak adierazitakoaren arabera, egunean pasako diren 80 kamioi inguruk sortutakoak:
- Eskola-orduetan eskola-ongizatean eraginak
- Kutsatzaile kimikoek eragindako ingurumen-inpaktua: motorren errekuntzagasak
- Kutsatzaile fisikoek eragindako ingurumen-inpaktua: zarata, kamioien motorrek eta ibilguek eragindakoa
- Ikasleak eta, oro har, herritarrak harrapatzea edo kolpatzea
- Ibilgailuen eta kamioien arteko buxadura, maniobratzeko zaila den eremu batean, galtzada estu eta irristakorrarekin, aparkalekuaren sarrera- eta irteerafluxuak areagotuta
Honen aurrean, kamioiak Unkina eskola albotik beharrean, beste leku batetik igarotzea proposatuko die plataformak arduradunei eta baita prebentzio neurriak hartzea kamioiak Usansoloko erdigunetik igarotzen direnean. Besteak beste, TZNren etiketaren arabera ezarritako kutsadura-maila gainditzen duten kamioien pasabidea murriztea; ibilgailuen zirkulazioa debekatzea, ikasleen eta haien laguntzaileen sarrerarekin eta irteerarekin bat datozen orduetan abiadura 20 km/ordura mugatzea, Laminarrieta kaletik ikastetxeko sarreraraino
doan tartean; kamioien ibilgua egunero eta etengabe garbitzea; seinaleztapen bertikala eta horizontala, arriskuen eta kaltetutako pertsonen
arabera eta bidegurutzeetako zirkulazioa kontrolatzea.
Neurri guzti hauek batzen dituen adierazpen bat onartzea eskatuko diote plataformak eta Kabilduk Unkinako Eskola Kontseilurari eta ondoren, Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Foru Aldundiari bidaltzea. «Eskolaren kalitatea ere kolokan jarriko dute obra hauek», azpimarratu du Atxutegik.