Indakeria Matxistaren Aurkako Eguneko Adierazpen Instituzionala kaleratu du Galdakaoko Udalak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Gaur, azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna da eta honen harira Adierazpen Instituzionala kaleratu du Galdakaoko Udalak. Hemen batu dugu testua hitzez hitz.
Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Adierazpen Instituzionala kaleratu du gaur Galdakaoko Udalak. Honetan, besteak beste, erreakzio matxisten aurrean horma kolektiboa aktibatzeko eta Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzeko konpromisoak hartu ditu.
Hemen batu dugu Udalak argitaratutako adierazpena, hitzez hitz:
«Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Udalak gaitzespen irmoa adierazten du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin modu koordinatuan lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten du.
Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuinak aurrera egiteko Europako eta munduko testuinguru batek bultzatuta jaiotzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek, emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria ezereztu egiten du, eta oraindik haratago doa, lege aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz, berdintasunari eta indarkeria matxistari dagokienez.
Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde, –bai esparru legalean eta politikoan, bai sozialean–, gaur egungo joera neomatxista hazten ari da, batez ere kolektibo eta adin tarte batzuetan eta eremu digitalean, bereziki. Manosfera deitu zaion eremuan, mezu misogino eta berdintasunaren aurkako mezu ugari daude. Ondorioz, «indarkeriak ez duela generorik«, «asmakizun ideologikoa» dela eta berdintasun politikak urrunegi iritsi direla bezalako mezuak jasotzen ari da gizartea.
Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan.
Hori guztia kontuan hartuta, Galdakaoko Udalean emakumeen aurkako indarkeria ezereztu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:
• Gure herrian, euste horma kolektiboa aktibatzea, emakumeen aurkako indarkeria ukatzen edo/eta ezerezten duen edozein erreakzio matxistaren aurrean, tokiko eragile guztiekin lan eginez, mezu ukatzaileak indargabetzeko eta tokiko bizitzan barneratzeko eta halakoak sortuz: partaidetza mahaiak, zurrumurru misoginoei eta mezu ukatzaileei aurre egiteko tokiko sareak, komunikazio bateratuak, erantzun publiko eta kolektiboko protokoloak.
• Gazteei zuzendutako sentsibilizazio neurriak hartzea, batez ere mutilei zuzendutakoak, egunero jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko, batik bat, bitarteko digitalen bidez.
- Gune formal eta informaletan, eskola komunitateari zuzendutako hezkuntza eta prestakuntza prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.
- Hezkuntza Sailarekin hitz egiteko bideak erabiltzea, eskola curriculumean jarrera ukatzaileetan eta jarrera matxisten normalizazioan esku hartzea indartzeko.
- Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.
- Mugimendu Feministak eta Emakume taldeek indarkeria matxistararen aurka egiten duten lana aitortu.
Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, herrian antolatuko diren ekitaldietan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko, horien negazionismoa eta ezereztea barne».