Antton Irustak ‘Iratxoak eta gabon magikoak’ ipuina aurkeztuko du Durangoko Azokan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Antton Irustak bidalitakoa
Antton Irusta usansolotarrak ‘Iratxoak eta gabon magikoak’ liburua argitaratu du, Mezulari argitaletxearen eskutik. Abenduaren 5ean aurkeztuko du lana Durangoko Azokan, Saguganbaran.
Antton Irusta idazle usansolotarrak 40 lan baino argitaratu ditu honezkero, liburu, ipuin eta itzulpenen artean, eta oraingoan ipuin berri bat kaleratu du. ‘Iratxoak eta gabon magikoak’ du izena eta Mezulari argitaletxearen eskutik argitaratu du.
‘Iratxoak’ ipuin bildumaren hirugarren alea da eta salgai egongo da Durangoko Azokan, abenduaren 5etik aurrera. Han bertan aurkezpena egingo du egun horretan Irustak Saguganbaran. Ayanta Garcia marrazkilaria eta Iñigito Txapelpunk musikaria egongo dira ekitaldian, «ikuskizun dinamiko eta magiko bat eskainiz».
Hirugarren ipuin honek, aurrekoek bezala, berezitasun batzuk ditu. Alde batetik errealitate areagotudun teknologia darama. «Zer esan nahi du honek? Bada, aplikazio bat deskargatuz eta mugikorrarekin ipuinean agertzen diren irudi konkretu batzuk fokuratuz, iratxoak liburutik ateratzen diren sentsazioa lortzen da», azaldu du idazleak.
Aplikazioaren izena Gookapi Magia da eta deskargatu ostean, argazki kamera moduko bat agertzen da eta ikur konkretu hau duten marrazkiak fokuratu egin behar dira, ondoren iratxoen irudi animatuak ikusteko. Ipuinaren lehen orrialdean hau dena azaltzen da ere.
Bestetik, abestien bideoklipak ikusi daitezke ere ipuinean zehar dauden QR kodeen bitartez. Hiru abesti sortu dituzte: ‘Tiki taka tuka’ (talde lanari buruzko abestia), ‘Balioen dantzaldia’ (balioen inguruko abestia) eta ‘Gabon magikoak’ (istorioari amaiera ematen dion gabonetako kantua). Iñigito Txapelpunk musikariak konposatu eta abesten ditu kantak.