Erasmus programarekin etorri diren ikasle italiarrek Galdakaoko Memoria Historikoa landu dute
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Italiako hegoaldean dagoen Casertako sei ikasle Elexalde institutuarekin ari dira elkarlanean, Erasmus+ programaren barruan. Ekimenaren helburu nagusia ikasleek errealitate berriak ezagutzea da eta horretarako Memoria Historikoa landu dute.
Elexaldeko institutuko ikasleek, Europako Erasmus+ programaren barruan, ‘Discover and share your identity mark’ proiektuan parte hartu dute hirugarren urtez. Honen barnean, azken urteetan Grezia, Polonia, Alemania eta Italiako ikasleekin trukeak egin dira, eta aurten Italia hegoaldean dagoen Caserta herriko sei ikasle eta bi irakasle etorri dira Galdakaora aste batez.
Aurten, ekimenaren helburu nagusia ikasleek errealitate berriak ezagutzea da, «haien herriko testuinguruetatik haratago daudenak». Hori lortzeko «lurraldeen ondare kulturala, naturala eta historikoa deskubritu, partekatu eta hausnartu behar da» eta horregatik, Elexaldeko irakasleek azaldu dutenez, gaur egun Memoria Historikoa lantzen ari dira ikasleak Erasmus+ proiektuaren barruan.
Horretarako, Galdakaoko institutuko ikasleek Gerra Zibilari buruzko hainbat bideo prestatu dituzte taldeka. Euskaraz eta ingelesez egin dituzte, eta Galdakaoko egonaldiaren lehen egunean erakutsi zizkieten Italiako gazteei. Izan ere, «proiektua aukera paregabea da ere ikasleak haien artean ingelesez komunikatzeko eta hizkuntzaren maila hobetzeko».
Programaren baitan Galdakaoko udaletxea ere bisitatu zuten ikasle italiarrek eta Iñigo Hernando alkateak harrera egin zien bertan. Honek ongietorria eman zien eta «egonaldi on bat» opa zien, baita «gure herriaz eta inguratzen gaituzten mendi eta basoez gozatzera» animatu ere.
Halaber, 1931 eta 1936ko Korporazioen plaka oroigarria erakutsi zien, 2013tik Udaletxeko Osoko Bilkuren aretoan dagoena. «Gobernu horiek urterik gatazkatsuenak eta Gerra Zibila eragin zuen Estatu kolpe frankista bizi izan zituzten», azaldu dute Udaletik. Ildo horretan, Burdin Hesiaren ibilbidea egin zuten, «gure monumentu historikoetako bat».
Bestalde, nazioarteko proiektu honen barruan, bi irakasle errumaniar ere etorri dira, lan egiteko modu berriak ezagutzeko eta haien hezkuntza-ereduak hobetzeko. Erasmus+ programaren beste formatu honek ere trukea dakar; izan ere, Elexaldeko bi irakasle astebete egon dira Errumanian, «hango hezkuntza sistema ezagutzeko eta gurea hobetzeko gauzaren bat ezar dezakegun ikusteko».