Turroi Eguna antolatuko dute Gangurenek eta Argizaik domekan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: S. Smith
Ohi duenez, Turroi Eguna antolatuko du domekan Ganguren Mendi Taldeak Argizai Eskaut Taldearekin elkarlanean. Jugo, Aperribai eta Olabarrieta auzoetatik ibilbide zirkularra egingo dute parte-hartzaileek eta hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Urtero egin ohi duen moduan, Ganguren Mendi Taldeak Turroi Eguna antolatuko du domekan, Argizai Eskaut Taldearekin elkarlanean. Honen baitan, Jugo, Aperribai eta Olabarrieta auzoetatik ibilbide zirkularra egitea proposatu du taldeak, auzo horietako interesguneak ezagutzeko. Argizai aisialdi taldeak jolasekin dinamizatuko du ekitaldia.
Gangurenen egoitzatik abiatuko dira 09:00etan eta Errekaldetik igaro eta Aretzak/Los Robles igaro eta Landatxura igo ondoren, Ganguren mendiaren magal osoa inguratuko dute Txaketo iturriraino. Ostean, Axpurura jaitsiko dira, Jugora jaisteko eta, handik, Aperribaira jaitsi eta auzo horretako frontoira igoko dira.
Axpurun, atzeratuenei, Aperribaira zuzenean jaisteko aukera emango zaie, frontoira iristeko. Bertan, aurtengo Turroi eguna ospatuko da. Behin ekitaldia amaituta, Galdakaora itzuli ahal izango da, Galdabusean jaitsiz edo oinez Bengoetxe eta
Urretatik pasatuz.
Ekintza doakoa izango da baina beharrezkoa da aurretik izena ematea. Informazio gehiago ezagutu daiteke Ganguren Mendi Taldearen webgunean.