Txomin Bustinza zena omenduko dute Galdakaon, berak egindako maketak ikusgai jarriz
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Berak sortutako Gabonetako Jaiotza urtero herritarrentzat ikusgai jartzen zuen Txomin Bustinza galdakoztarra otsailaren 24an zendu zen. Bustinza omentzeko helburuz, berak egindako maketak ikusgai izango dira Torrezabalen bihartik, abenduak 18, urtarrilaren 7ra arte.
Galdakoztar askoren hitzordua zen Gabonetan Zabalea auzoko 69. zenbakira gerturatzea, bertan ikusgai jartzen baitzuen urtero Txomin Bustinza galdakoztarrak berak egiten zuen Jaiotza. Bustinza ordea otsailaren 24an zendu zen, eta hutsune handia utzi Gabonzaleen artean.
Hutsune hori aldiz, ez da hain handia izango aurten, izan ere, Bustinza omentzeko helburuz, berak egindako maketak jarriko ditu ikusgai Udalak Gabonetan zehar.
Bihartik aurrera, abenduak 18, urtarrilaren 7ra arte, Bustinzak egindako etxeak ikusi ahal izango dira Torrezabal Kultur Etxean, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era.
Ordutegi honetan Xabier Valenciak etxeei buruzko azalpenak eskainiko ditu eta umeentzako sorpresak ere izango dira, Udaletik azaldu dutenez.
Erakusketa hau Gabonetan Galdakaon eskainiko den egitarau zabalaren baitan kokatzen da.