Lukainkulero: «Guk nahiago dugu Galdakaoko mugetatik kanpo ligatu»
Lukainkulero kuadrila @lukainkulero
BINKE / 2021eko ekaina
«Guk nahiago dugu Galdakaoko mugetatik kanpo ligatu»
GALDERAK: Mozkerrak kuadrila @mozkerrak
Duela ez asko Lukainkaz gora eta Kulero Barik kuadrilak bateratu zenituzten, nondik datoz izen horiek? Zergatik bat-egite hori? Izenek istorio xelebreak dituzte atzetik, baina badakigu Binke «family friendly» dela, beraz, beste momentu baterako utzi beharko dugu kontu hau. Bestalde, txikitatik izan dugu harreman estua eta azken urteetan batera ateratzen hasi ginenez, erosotasunagatik WhatsAppeko talde bat egin genuen eta hortik sortu zen Lukainkulero.
Nolakoa da Lukainkulero kuadrila moduan? Zerk bereizten zaitue? Heterogeneoa. Elkarren artean oso ezberdinak gara eta oso ondo ulertzen dugu elkar. Batzuen ahultasunak beste batzuen trebetasunak izanik eta alderantziz. Baina gure ustez, gainontzeko kuadriletatik bereizten gaituena kuadrilakoen arteko endogamia eza eta Galdakaoko beste kuadrilekin ligatze urritasuna da, guk nahiago dugu Galdakaoko mugetatik kanpo ligatu.
Arraroa badirudi ere, iraganean zuekin txami berbera partekatzen genuen, zelan gogoratzen dituzue garai haiek? Oso oroitzapen onak ditugu gure txami garaitik. Beti gertatzen zen liskar txikiren bat, baina orokorrean esan genezake dibertigarria izan zela. Atzera bueltatuko bagina berriro ere errepikatuko genuke.
Ikusi dugu kuadrilako taldekide asko Bizkaitik kanpo ikasten ari dela, zelan konpontzen zarete harremanetan egoteko? Bai, egia esan oso sakabanatuta gaude: Donostia, Arrasate, Gasteiz, Logroño, Palentzia, Lleida, Reus eta Sevillan ditugu kuadrilakoak. Asko botatzen ditugu faltan urrun dauden kideak baina askotan hitz egiten dugu sare sozialen bitartez.
Galdakaoko «Conquis» telesaila ospatuko balitz zein kuadrila eramango zenukete uhartera eta zeinen beldur izango zinatekete? Dudarik gabe Norabide bakarra kuadrilarekin egotea gustatuko litzaiguke, horietako asko txikitatik ezagutzen ditugulako, eta harreman ona dugulako. Eta beldurrari dagokionez, Patxikuko asko gimnasioaz maiteminduta daudela ikusita, aurkari indartsuak izango zirela uste dugu.
Gero eta kuadrila gehiago dira txamiak zituztenak eta orain txami barik bizi direnak, zergatik uste duzue aldaketa hori gertatzen ari dela? Gure ustez herriko gazterian sortzen ari den giroa, pike sanoa, txutxu-mutxuak, etab. da txamiak alde batera uztearen zergatia. Lehen Somerara joateak «lotsa» ematen zuen, nagusiek barre egingo zigutelakoan-edo; orain ez da hori gertatzen eta gero eta kuadrila gazte gehiago ikusten dira Someratik.
Galdakaok bere alde onak eta ez hain onak ditu, aipatu iezaguzue gehien gogoko duzuena! Galdakaoko gazteriaren artean nahiko ondo ezagutzen dugu elkar, esamesek hegan egiten dute eta esan behar dugu asko gustatzen zaigula kuxkuxeatzen ibiltzea. Beste aldetik eta asko eztabaidatu ostean, bakarrik esango dugu batzuetan liburutegian zarata lar egoten dela, xehetasunetan sartu gabe.