Amets Arzallusen ‘Miñan’ eleberria oinarri duen antzezlana hartuko du Torrezabalek
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Arriaga Antzokia
Artedrama konpainiak Amets Arzallusen ‘Miñan’ eleberria antzerkira egokitu du eta barikuan, urtarrilak 24, Galdakaon eskainiko du. Taldeak Ibrahimak Afrikatik Europara egindako bidea ezagutzeko aukera eskainiko du obra honen bitartez.
Torrezabal Kultur Etxeak pasa den barikuan estreinatu zuen urtea eta ekainera bitarte 23 ikuskizun eskainiko ditu guztira. Galdakaoko Udalak musikaz, antzerkiaz, dantzaz, umoreaz eta askoz gehiagoz gozatzeko egitaraua prestatu du hurrengo hilabeteetarako, BINKEk jaso zuen moduan.
Honen baitan, Artedrama konpainia helduko da barikuan, urtarrilak 24, Torrezabalera. Taldeak Ibrahima Balderen eta Amets Arzallusen ‘Miñan’ liburua oinarritzat hartu eta izen bereko antzezlana sortu du, eta hau da Galdakaon eskainiko duena.
Obra Ibrahima Balderen bizitzaren kronika da, bere anaia txikiaren bila Afrikatik Europara bidea egin zuen migrantearena.
Saioa 20:00etan izango da eta sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean 6 eta 8 euro arteko prezioan.