Metroa 87 metro hurbilduko dute Usansolora, baina ez dute erdigunean geltokirik aurreikusten
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Yava
Usansolo erdiguneko egungo tren geltokia merkantzientzat izatea nahi du Eusko Jaurlaritzak, eta Metroa ospitaletik herrigunera pitin bat gerturatzeko proiekturaren aldaketa bat onartu du Garraio Sailak. Ondoko albistean batu du BINKEk xehetasun gehiago.
Eusko Jaurlaritzaren Garraio Sailak Metroaren 5. linearen aldaketa berri bat onartu du, 9,3 milioi euroko aurrekontu osoarekin, eta horrek metroa Galdakaora hedatzearen faktura globala 374 milioira igoko du. Azken gainkostu horren zati handi bat Usansoloko sarbide-kanoiaren berdiseinuarekin lotuta dago, 3,46 milioi ekarriko baititu. Jaurlaritzak 87 metro luzatuko du ospitalearen etorkizuneko geltokiaren sarrera-irteera, «herriaren erdigunera hurbiltzeko asmoz».
Mugimendu horrekin, eta El Correo egunkariaren arabera, «Eusko Jaurlaritzak azkenean baztertu egiten du, eskatutako inbertsio handiagatik, Usansoloko bihotzera geldialdi bat eramatea», bertan 4.500 pertsona baino gehiago bizi badira ere.
Eusko Jaurlaritzaren asmoen arabera, 5. lineak Galdakaoko erdigunera eta Labeako ospitalera eramango du Metroa, baina egungo Euskotrenen bidaiarientzako geltokia desagertu egingo da Usansoloko erdigunetik, bidaiarientzako ibilbidea iparralderago eramango baita, ospitalea eta Bedia zuzenean lotuz.
Terminal zaharretik merkantziak baino ez dira pasako, gobernuaren proiektuari erreparatuta. Ondorioz, bide-orri horrek haserretu egin ditu Usansoloko bizilagun asko, «gutxietsita» sentitzen baitira beraien mugikortasuna eta bizi-kalitatea okertuko dituen proiektu batekin.