Maider Larreak, Ioar Mardonesek eta Keira Martinek irabazi dute ‘Gurot’ tribial lehiaketa Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
‘Gurot’, euskal kultura eta kultura unibertsala euskaraz eta online lantzeko tribial jokoaren bigarren edizioan Bizkaiko 3.131 gaztek parte hartu dute. Horietatik 208 galdakaoztarrak dira eta Maider Larrea, Ioar Mardones eta Keira Martin izan dira Galdakaoko irabazleak.
Iazko urrian abiatu zen gazteentzako Gurot tribial interaktibo lehiaketaren bigarren edizioa banakako formatuan eta guztira Bizkaiko 14 udalerritako 3.131 gaztek parte hartu zuten, horietatik 208 galdakaoztarrak.
Maider Larrea, Ioar Mardones eta Keira Martin izan ziren Galdakaoko irabazleak, eta urtarrilaren 24an jaso zituzten sariak Torrezabal Kultur Etxean, Edurne Espilla eta Amets Iturbe zinegotzien eskutik. Hiru gazteek Atxuriko Abadia ihes gelara bisita egingo dute eta irabazle bakoitzak beste bi lagun gonbidatzeko aukera izango du.
Orain, sari banaketen ostean, euskarazko tribial joko interaktiboa martxan da berriz, eta kasu honetan taldeka parte hartzeko aukera izango dute 12 eta 18 urte arteko galdakoztarrek.
Parte hartu ahal izateko, gazteek hirukotea osatu beharko dute eta otsailaren 16a baino lehen izena eman webgunean zein Play Store-n eskuragarri dagoen aplikazioan. Lehiaketak bost aste iraungo ditu, otsailaren 17tik martxoaren 22ra bitarte, eta martxoaren 24an Galdakaoko bi talde onenak ezagutuko dira. Haientzako saria, apirilaren 5ean BEC-en izango den Zeid Gaztea jaialdirako bi sarrera izango dira partaide bakoitzeko.
Horretaz gain, talde irabazleak apirilaren 4an Bilboko San Mamesen lehiatuko du final handia, Bizkaiko talde onenekin batera. Bertan ere sariak irabazteko aukera izango dute. Garaileak Salou eta Port Aventurara bidaia, alojamendua eta parkerako sarrerak jasoko ditu; bigarrenak aldiz, Madril eta bertako Warner parkera; hirugarrenak, Toledoko Puy du Fou ikuskizunerako sarrerak eta alojamendua; eta, laugarrenak, Athletic Club Museorako sarrerak.