
Galdakaoko EAJk «adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko» proposamenak aurkeztu dizkio Udalari
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko EAJ-PNV
«Adinekoen bizi-kalitatea hobetzeko» asmoz, Euskadiko udalerri lagunkoien sareari atxikitzeko eskatu zion Galdakaoko EAJk Udalari, azken osoko bilkuran aurkeztutako mozio baten bitartez. Udal Gobernuko taldeek kontra bozkatu zuten, «dagoeneko hori baino modu sakonagoan egiten ari delako adinekoei dagokien lanketa Galdakaon».
Galdakaoko EAJ-PNVk Euskadiko udalerri lagunkoien sareari atxikitzeko eskatu zion Udalari, urtarrileko osoko bilkuran aurkeztutako mozio baten bitartez. «Adinekoekin atseginak diren hiriak garatzea da proiektuaren helburua eta EAJtik udalerriko adinekoen ahalduntzearen eta Udalak kolektibo horri zuzendutako proiektuen bidez hobekuntzak martxan jartzearen alde egiten dugu», adierazi zuen alderdiak.
Jeltzaleek aldez aurretik diagnosia egitea eta ondoren proiektua martxan jartzea eskatu zuten, «gure adineko pertsonei egunerokotasunean eragiten dieten elementuak modu integralean landuko dituzten ekintzen bidez; espazioak, irisgarritasuna, segurtasuna eta garraioa bezalako aspektu garrantzitsuak azpimarratuz».
Udalbatzak ordea ez zuen mozioa onartu, EAJ-PNVk eta PSE-EEk alde, eta Udal Gobernuko taldeek kontra bozkatu ostean. Maite Arandia Parte Hartze zinegotziak azaldu zuenez, «dagoeneko hori baino are modu sakonagoan egiten ari da adinekoei dagokien lanketa Galdakaon, batez ere Auzotik Galdakao parte hartze prozesuan».
Osoko bilkura horretan beste hainbat erabaki hartu zituzten alderdiek, BINKEk jaso zuen moduan.