
Bi gazte atxilotu dituzte Sondikan, Galdakaon indarkeria erabiliz lapurreta bat egitea egotzita
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ertzaintzaren artxibotik
Ertzaintzak 19 eta 20 urteko gazte bi atxilotu zituen domekan Sondikan, Galdakaon gizon bati indarrez tira eginda kate bat indarkeriaz lapurtzea egotzita. Lapurreta abenduaren 1ean gertatu zen, Bekea auzoan.
Ertzaintzak 19 eta 20 urteko bi gazte atxilotu zituen domekan Sondikan, Galdakaon indarkeria erabiliz lapurreta bat egitea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, lapurreta joan den abenduaren 1ean gertatu zen, Galdakaoko Bekea auzoko baselizaren inguruan.
Eguerdiko hamabiak aldera, bi atxilotuak adineko gizon bati hurbildu zitzaizkion paseatzen ari zen bitartean eta indarkeriaz urrezko kate bat kendu zioten. Lepotik indarrez heldu zioten eta lurrera bota zuten eta jarraian bi gizonek ihes egin zuten Usansolorako norabidean.
Jasandako erasoaren eta indarkeriaren ondorioz, lurrera erori zenean biktimak lesio bat jasan zuen ezkerreko ukondoan, eta betaurreko graduatuak hautsi zitzaizkion. «Zauriak ez ziren larriak izan biktimaren osotasun fisikoarekiko egileen mespretxuarekin kontrajarrita», adierazi dute Segurtasun Sailetik.
Bi hilabeteko ikerketaren ostean, atzo atxilotu zituzten gazte biak Sondikan eta Ertzaintzak eginbideak ireki dizkie, ikertu gisa, Bekean katea lapurtu aurreko orduetan egindako antzeko beste hiru deliturengatik. Polizia-egoitzan jarraitzen dute beharrezko eginbideak betetzeko, agintari judizialaren eskuetan jarri bitartean.