
Galdakaoko Da Capo Musika Banda Torrezabalen arituko da Abraham Cupeirorekin batera
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Iñaki Perez
Galdakaoko Da Capo Musika Bandak kontzertua eskainiko du domekan Torrezabal Kultur Etxean, Abraham Cupeiro artistarekin batera. Saioak ‘Pangea’ izena izango du eta honetan «gure planetako kultur aniztasunari egindako musika» entzun ahal izango da.
Bere lehen diskoa argitaratu berri duen Galdakaoko Da Capo Musika Banda da ekainera bitarte Torrezabalek eskainiko duen egitarau zabalaren protagonistetako bat. Banda galdakoztarrak hiru kontzertu emango ditu aretoan eta lehenengoa domekan, otsailak 16, izango da.
Kontzertuan Abraham Cupeirorekin batera arituko da banda eta ‘Pangea’ izeneko ikuskizuna eskainiko du. Honetan «gure planetako kultur aniztasunari egindako musika» entzun ahal izango da. «Bidaia musikal bat proposatzen dizugu eta bertan Lurraren atal desberdinak batuko ditugu», adierazi dute taldekideek.
Saiorako sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean 3 eta 5 euro arteko prezioan.