
Bihar aurkeztuko dira Ibilaldia 2025eko abestia eta bideoklipa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Eguzkibegi Ikastolak aurtengo Ibilaldia antolatuko du maiatzaren 25ean eta honen abestia eta bideoklipa bihar, otsailak 21, aurkeztuko dute Torrezabal Kultur Etxean. Saiorako sarrerak atzo banatu zituzten Ibilaldiako dendan eta minutu gutxitan agortu ziren.
Eguzkibegi Ikastolak 2009an antolatu zuen lehen aldiz Ibilaldia eta aurten ere hartuko du ardura hori, kasu honetan maiatzaren 25ean. Edizio honetarako motorrak berotzen hasi dira eta atzera kontaketa bihar, otsailak 21, hasiko da.
Egun honetan Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte, Torrezabal Kultur Etxean. Ekitaldian abestia nork egin duen eta bideoklipa nolakoa den ezagutzera emango du Ibilaldiaren antolakuntzak.
Saioa 19:00etan hasiko da eta honetarako sarrerak atzo banatu zituzten Ibilaldiako dendan. Antolakuntza 17:30ean hasi zen sarrerak banatzen eta ordu erdian agortu ziren.