
Miren Arzalluz Guggenheimeko zuzendaritzan murgiltzen hasi berri da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bilboko Guggenheim Museoa
Bilboko Guggenheim Museoaren zuzendaritzan murgiltzen hasi da Miren Arzalluz galdakoztarra. Atzo batu zen kargua utziko duen Juan Ignacio Vidartekin eta elkarlanean arituko dira hilabete honetan zehar, Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan.
Juan Ignacio Vidartek kargua utziko zuela iragarri ostean, Bilboko Guggenheim Museoaren patronatuak ezagutzera eman zuen Miren Arzalluz galdakoztarra izango dela museoaren zuzendari berria. Arzalluz hasi da honezkero zuzendaritzan murgiltzen eta atzo, martxoak 3, Vidartekin batu zen museoan bertan.
Hain zuzen, Vidartekin batera arituko da lanean hilabete honetan zehar, Bilboko eta New Yorkeko Guggenheim museoetan, murgiltze-prozesu bat egiteko. «Ohorea da niretzat, hilabeteko murgiltze prozesua izango da Vidarterekin batera, Guggenheimera ohitzeko», adierazi zuen atzo Arzalluzek.
Galdakoztarra Artearen Historian lizentziaduna da, jantzien Historian espezializatuta, eta azken sei urteetan Parisko Palais Galliera museoa zuzendu du, modarekin lotuta mundu osoan dagoen museorik garrantzitsuenetakoa.